Ikasgai honi amaiera emateko asmoz azken hausnarketa bat egin dut lau hilabete hauetan ikasitako guztiaren inguruan. Ikasgai honen izenburua irakurri ondoren, “Eskola Inklusiboaren Oinarriak”, ez nekien zeren inguruan izango zen, orain arte ez dugulako antzekoa den ikasgairik izan. Hala ere, izenburuagatik hezkuntzari buruz eta haurren tratamenduari buruz arituko zelaren susmoa baneukan.
Lauhilabetekoaren hasieran inklusioari, normalizazio-printzipioari, integrazioari, hezkuntza bereziari buruz, eskolako laguntzei buruz, … ez nekien asko. Egunak aurrera joan ahala, gelan egindako ariketekin, ikasgaiaren orrialdean irakurritako hainbat artikuluekin, … kontzeptu hauen eta beste hainbaten esanahia osatzen joan nahiz eta hauek elkarren artean daukaten erlazioa ikusten joan naiz. Hasiera batean, niretzat integrazioa eta inklusioa berdina ziren eta desberdinak direla ikusi dut, izan ere, inklusioa haur guztiei zuzendua dagoelako eta integrazioa soilik Hezkuntza Premia Bereziak dituzten haurrentzat. Nahiz eta askotan heziketa inklusiboaz hitz egiten dugunean, zaitasunak dituzten haurrei zuzendutako hezkuntzaz ari garela pentsatzen dugun, ez da horrela izaten, aurrean esan bezala, ikasgai honetan ikusi dugu inklusioa ez dela bakarrik zailtasunak dituzten haurrentzako zuzendua egon behar, baizik eta gelako haur guztientzat zuzendua egon behar dela. Azken finean, irakasle bezala gure lanean kontuan hartu behar ditugun alderdi asko eta desberdinen inguruan hitz egin eta hausnartu egin dugu.
Bestalde, Normalizazio-printzipioaren garrantziaz askotan hitz egin dugu. Etorkizunean irakasle izango garenez, gure lanean haur guztien ezaugarriak kontuan hartu behar ditugula askotan azpimarratu da ikasgai honetan, guztiak era berean eta hoberenean tratatuz eta bazterkeriarik egin gabe. Horretarako egoera ezberdinen adibideak eman zaizkigu, guk desberdintasunak ikus dezagun eta horren inguruan gure ondorioak ateratzeko.
Hezkuntza Premiak bereziak dituzten haurrei eskaini ahal zaien laguntzak ikusi ditugu, eta ez hori bakarrik, zailtasun hauek dituzten haurrak gelan integratzeko gure lana daukan garrantziaz hausnartu dugu. Izan ere, inguruak eta gainontzekoek besteengan daukagun eraginaz ariketak egin ditugu gelan eta nola besteon laguntza ezinbestekoa den haientzat. Beraz, ikastetxe baten laguntzak zeintzuk diren eta etorkizun batean horrelako egoeretan ikusiz gero, gure esku izango ditugun baliabideak ezagutu ditugu.
Nire ustez, ikasgaia interesgarria izan da, inklusioaren inguruan hasiera batean oso gutxi genekielako eta gauza desberdinak ikasi ditugulako, modu dinamiko batean, hala nola, lanak egiten, esperimentazio saioen bidez (mural bat egiten), filmak ikusiz, … Gelan hainbat film ikusi ditugu, gehienbat zailtasunak dituzten pertsonen inguruan eta haien bizimodua eta jokaerak ikusteko oso aproposak izan direnak. Film hauek zailtasunak dituzten pertsona hauen egoeraz eta bizimoduez hausnartzea egin digute. Hala ere, hurrengo urtera begira, filmak ikusi ondoren, hausnarketa denbora tarte bat eskaintzea proposatuko nuke. Horrela, filmean ikusitako gauzei buruz gogoeta egiteko eta denon artean hitz egin ahal izateko, ikaskideen ikuspuntu desberdinak entzun ahal izateko eta horietatik ikasi ahal izateko. Dena dela, berdintasunari, errespetuari eta inklusioari buruz asko ikasi dugu, horregatik, ikasgai hau oso aberasgarria eta interesgarria izan dela esan dezaket.
Amaitzeko, esan beharra dago, ezagutza etengabe osatzen doan prozesua dela eta, ondorioz, ikertzen eta ikasten jarraitu behar dugula. Horretarako, nik behintzat Gorabide erakundearekin udan praktikak egitera joango naiz zailtasunak dituzten pertsonekin. Bertan haien oporraldiak ahalik eta modu hoberenean igaro dezaten laguntzen saiatuko naiz. Izan ere, benetako inklusioa lortzeko oraindik ere asko falta da eta denon arteko lana da hori aldatzea. Hezkuntzan, batez ere, irakaslearen lana ezinbestekoa da. Beraz, denon laguntzarekin gizartearen ikuspuntua aldatuz joango da eta horretan aritu behar gara. Gizarte inklusibo bat errespetuarekin bakarrik lortzen da eta hori guztion lana da.

No hay comentarios:
Publicar un comentario